Agurra
Mariaren Lagundia misio proiektu baten emaitza da, laurehun urtetik gorako historia du, eta unibertsala izateko bokazioarekin sortu zen. Frantziatik iritsi zen Espainiara, 1650. urtean; hain zuzen ere, urte hartan sortu zuten Lagundiaren lehen ikastetxea, Bartzelonan. Han, berehala egin ziren ezagunak Lagundiko lekaimeak, hezkuntzan egiten zuten lanagatik, baina, bereziki, ezaugarri berezi honengatik: emakumezkoen heziketaz arduratzen zen emakumezkoen ordena erlijioso bat zelako. Lagundiko lekaimeei "La Enseñanza"koak (“irakaskuntzakoak”) ezizena jarri zieten, eta gaur arte iraun du ezizen horrek beste fundazio askotan ere.
Gaur egun, XXI. mende bete-betean, hogei ikastetxetik gora ditu gure ordenak Espainiako hainbat tokitan. Ikastetxe horietan, lankidetzan dihardugu lekaimeek nahiz kide laikoek, gure sortzaile Joana Lestonnacekoaren lekuko gisa; hain zuzen ere, haren ondarea zabaltzen saiatzen gara, gure nortasunaren ekarpena eginez eta testuinguru bakoitzari dagozkion dibertsitatea eta aniztasuna aintzat harturik.
Hezkuntza humanista kristaua eskaintzen dugu; hezkuntza integral bat, zeinak erakutsiko baitie gure ikasleei mundua irakurtzen jakin-minez eta jarrera irekiz, espiritu kritikoz, elkarrizketaren bidetik, sentiberatasunez…eta zeinari esker eman ahal izango baitituzte erantzun aktibo konprometituak, solidarioak eta sortzaileak. Bizitzea egokitu zaien mundu hori eraldatzeko agente izan daitezen da gure xedea: "Bizitzan eta bizitzarako heztea”.
Sortu ginenetik bertatik, erreferentea izan gara hezkuntza arloan, gure ikastetxeetan berrikuntza pedagogikoa txertatzeko erakutsi dugun gaitasunari esker. Eginkizun horretan, berebiziko eragina izan du Miguel de Montaignek; hain zuzen ere, harengandik jaso ditugun printzipioetan –hala nola, “Buru ongi hornituak, ongi beteak baino gehiago”–oinarritzen dugu gure etengabeko bilaketa, berrikuntza eta abangoardia pedagogikoa izateko borondatea. Ildo horrekin bat etorrita, hain zuzen, etengabeko prestakuntza jasotzen dute gure hezitzaile taldeek, hezkuntza arloko joera berriei buruz.
Gure ikasleek ikasiz gozatzea nahi dugu, eta motibatuta egotea, beren ikaskuntzaren protagonistak izatea; ikasgelatik haratago ere ikastea. Gure heziketaren bidez, “lagun egin, integratu eta hazten lagundu”nahi dugu, eta, horretarako, hezkuntza eredu propio eta eguneratua eraikitzera bideratutako proiektuak landu ditugu gure ikastetxe guztietan: eleaniztasuna, hizkuntza gaitasuna sustatzeko, eta komunikazioa, zubiak eraikitzeko; “Ikaskuntza kooperatiboa”, ikasleek har dezaten beren ikaskuntzaren gidaritza eta pertsonarteko harremanak sendotu ditzaten; “IKTak/EITak”, ezinbestekoak baitira gaitasun digitala garatzeko eta ezagutza zabaltzeko; “Barnetasuna lantzea”, norberaren baitako ezagutza eta transzendentziaren ezagutza ahalbidetzeko; “Garapenerako hezkuntza”, gizarte eta ingurumen ikuspegiak kontuan harturik aztertzeko errealitatea.
Mariaren Lagundia gara, eta hezkuntza da gure izateko arrazoia, gure misioa: hezkuntza pertsonalizatua, norbanakoari bere beharren eta potentzialtasunaren neurriko erantzuna emateko. Horregatik dira gure ikastetxeak irekiak eta inklusiboak, eta horrexegatik bilatzen dute sinergiak sortzea eta Hezkuntza Komunitate guztiaren arteko loturak sendotzea –familiarekikoak, batik bat–: “Komunitatean heztea, proiektu komun batetik abiatuta”.
Gure sortzaile Joana Lestonnacekoarentzat bezalaxe, guretzat ere Maria Nazaretekoa da eredua: bera da hezkuntza eginkizun honetan ilusio betez aurrera egiten laguntzen digun eta gaur egungo mundu global, askotariko eta anitzean erreferente bihurtzera bultzatzen gaituen utopia.
Jaso ezazue nire agurrik beroena.
Mª R. Mariña Rios, odn
Ama Nagusi Probintziala