Gure Berri

Joana Lestonnacekoa nor izan zen galdetuko diozu, agian, zure buruari
Hona, hemen, haren bizitzari buruzko zertzelada labur baina interesgarri batzuk, bada.
Joana Lestonnacekoa Bordelen sortu zen, hiriko politika, gizarte eta kultura arloetan itzal handia zuen familia batean: Lestonnac familian. Alaba zaharrena zen, eta Michel de Montaigne frantses humanistaren –Entseiuak obra ospetsuaren idazlea–iloba kutuna.
Bere garaian sortutako gatazka erlijiosoak bere familian bertan bizi izan zituen Joanak, pertsona gisa garapen bete-betean zela: aitak, Ricardok, fede katolikoan hezi zuen alaba; eta, aldiz, ama, Juana Eyqueme, kalbinista peto-petoa izanik, alaba erlijio hartara erakartzen saiatu zen.
Nerabezaroan, Jainkoak bere fede katolikoa berretsi ziola sentitu zuen, bere baitan dei hau entzun zuelarik: “Ez utzi, alaba nirea, zure bihotzean piztu dudan sugarra iraungitzen...”. Eta, une hartatik haurrera, arreta bereziz zaindu zuen bere baitako kezka hura.
17 urte zituela, Gaston Montferrantekoarekin ezkondu zen; bost seme-alaba izan zituen, eta buru-belarri eman zitzaion seme-alabak hazteko eta hezteko eginkizunari.
Hogeita lau urtez ezkonduta egon ondoren, alargun gelditu zen, eta, seme-alabek ordurako bere behar handirik ez zutela oharturik, Joanak berriro sentitu zuen bere baitan nerabezaroko dei hura, indar biziz. Hala, lekaime sartu zen, Okzitaniako Tolosako Feuillantines mojen monasterioan, 1603an.
Handik sei hilabetera, gaixotu egin zen, ordea, eta zistertar monasteriotik alde egitera behartu zuten. Porrot hark izugarrizko erresistentzia eragin zion bere baitan, baina otoitz egin, Jainkoarengan uste osoa jarri, eta haren deiari erantzun zion, berriro ere: “laguntzarik ezaren ondorioz galbidera doazen gazteei eskua luzatzeko”egitekoa hartu zuen bere gain, orduko hartan.
Bordelera itzuli zenean, gogoetari eta otoitzari eman zitzaion, eta arretaz behatu zion errealitateari, hartaz ongi jabetzeko... Eta, hala, aurki ohartu zen bazela premia larri bat, berehalako erantzuna eskatzen zuena: emakumeen heziketa, neska nahiz emakume gazteen heziketa. Eta bere baitan erro sakonak egin zituen “emakumeak emakumea salbatu behar duelako”ideiak.
Izurria Bordeleraino hedatu zelarik, hiri hartako gaixoei laguntzen hasi zen, bere nortasun eta izaerari leial; eginkizun horretan ari zela emakume gazteen talde batekin –haiek izan ziren bere lehen kideak–eta bi jesuitarekin harremana egin zuen, eta haiek adoretu zuten bere proiektua aurrera eramateko.
Saiamen eta ausardia handiz, bere ametsa zehazten eta gauzatzen joan zen, pixkanaka, harik eta 1607an ahalegin hartatik fruitu zoragarri bat loratu zen arte: emakumeen hezkuntzarako lehen emakumezko ordena apostolikoa, Mariaren Lagundia.