Lestonnac Taldeak

Lestonnac taldeak eskolaz kanpoko borondatezko partaidetzako kristau taldeak dira, Mariaren Lagundiaren ikastetxeetako ikasleei begira sortuak: Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailatik Batxilergora bitarteko ikasleei begira sortuak. Mariaren Lagundiaren hezkuntza proiektua eta espiritualtasuna oinarri harturik, beren bizitzaren zentzua Jesusengan eta Ebanjelioko balioengan aurkitzen lagundu nahi diete haur, nerabe eta gazteei, eta aukerak eskaintzen dizkiete beren fedean sakontzeko, bizi aukerak egiteko, elizako komunitatean txertatzeko eta gizartean parte hartzeko.

Taldea da bitarteko pedagogiko aproposena elkarrekin bizitzen, harremanak egiten, taldean lan egiten, etorkizuna proiektatzen eta gizartean eta elizan zerbitzu komuna eskaintzeko besteekin konprometitzen ikasteko, betiere, eragileen lekukotasunaren eta trebetasunaren laguntzaz.

 

 

Hauek dira Lestonnac taldeen eskaintzaren euskarriak:

  • PERTSONA: hezkuntza ekintza guztiaren gunea da, eta haren gaitasun guztiak lantzen dira, heziketa integral eta integratzaile baten bidez.
  • TALDEA: besteekin batera hezten dugu, bizipen bateratu eta osagarrien bidez eta partaidetza, elkarrizketa, harrera, talde lana, lankidetza eta erantzukizun partekatua sustatuz.
  • LAGUNTZA: pertsonari hazten laguntzeko, transzendentziaren eta, gerora, fedearen bideari heltzeko, norberaren askatasunaren errespetuan oinarriturik.
  • AISIA: Ikasgelatik eta arlo akademikotik haratago doan hezkuntza bat, hezkuntzarako bestelako gune eta espazio batzuk eta hezkuntza integrala sustatzeko.
  • SOLIDARITATEA, GIZARTE ERANTZUKIZUNA ETA GARAPENA: parte-hartzaileek mundu justuagoa eta guztiontzako hobea eraikitzen eta planeta zaintzen parte har dezaten.

Lestonnac taldeak ez dira hazkunde etapa baten amaiera; aitzitik, gure asmoa da gazteek gerora Mariaren Lagundian eta elizan nahiz gizartean konpromisoak hartzeko abiapuntua izatea, eta, horretarako, boluntariotzako eta fedean sakontzeko hainbat aukera eskaintzen ditugu.